Mintzapraktika
... Dantzatu mingaina!

Mintzapraktika saioen ikasturte amaiera

2008ko Uztailaren 17an

 

Beste behin ikasturte bukaera iritsi da eta batera mintza talde gehienek, urtero legez, euren eten aldia hartu dute. Abuztuko oporrak ate joka,  uda girorako gogoz, buruak astindu eta atseden hartzeko ordua da.

 

Euskal Herriko egitasmo gehienek euren taldeak agurtuko zituzten jada. Horregatik, guk ere Skype mintzakideei euren oporrez gozatzen utziko diegu! Asko, irailean, oporren ostean bueltatuko dira; beste zenbaitek bere bidea jarraituko du eta hoberena opa diegu.

 

2007 -  2008 ikasturtean, Skype bidezko sei taldetan banatutako hamalau partehartzaile izan ditugu. Taldeak sortzen makina bat lan izan dugu eta kostatu zaigun arren azkenean martxan jarri ahal izan dira. Beraz lehenengo ekitaldia izateko ezin kexatu gaitezke!

 

Datorren ikasturtera begira, taldeen martxa hobetu nahi genuke eta horretan saiatuko gara buru belarri.

 

Irailean berriz ekingo diogu lan horri eta horretarako jendea animatu nahi dugu. Bide lagun ororen beharra ezin bestekoa dugu, eta nola ez, baita, bidelariena ere! Beraz badakizue! ANIMATU!!

Egizukoekin berriketan

2008ko Uztailaren 3an

Zenbat lankidek osatzen duzue Egizu? Zeintzuk?Lander Solozabal, Ander Egiluz eta Rozio Luces. Noiz sortu zen Egizu? Eta zergatik? Egitasmo bezala duela 8 urte eta elkarte bihurtu zen duela 4 urte.-    Euskara ikasten ari direnak eta euskaldunak elkartzeko.-    Euskaldunentzako espazio berriak sortzeko (aisian, kulturan, literaturan, kirolean, familian, eta abarretan)-    Harreman sare euskaldunak sortu eta indartzeko Getxon (merkatariekin, tabernariekin, administrazioko langileekin, eta abarrekin) 

(Zer dela eta egitasmo izatetik elkarte izatera?)Izaera juridikoaren beharra zegoen, egitasmoa gero eta handiagoa zen eta autonomia hartu zuen. Zein alor jorratzen ditu Egizuk?5 proiektu ditugu.1.- Berba laguna eta kultur jarduerak: erabilera sustatu kalean eta aisialdian.2.- Uribe Kostako irakur zaleen txokoa: idazleak gonbidatzen ditugu urtean zehar eta euren lanak komentatzen ditugu, literatura lehiaketak antolatzen ditugu.3.- Kirola euskaraz: urtean zehar hainbat kirol praktikatzeko aukera eskaintzen dugu.4.- Kliska inforria: gure jardueren berri ematen dugu, herriko merkatari euskaldunei elkarrizketa egiten diegu, euskarazko baliabide informatikoak ezagutarazi. Paperean eta euskarri digitalean.5.- Sendi Proiektua: 2-12 urte bitarteko Getxoko ume eta gurasoentzat. Tailerrak, ikastaroak, irteerak, guraso lagun taldeak, eta Udalaren dirulaguntzen inguruko informazioa. 

Aurten Getxon ospatu da Topaguneak antolatzen duen Mintza eguna. Egizuk partehartze zuzena izan du jai horren antolakuntzan. Zer moduz konpondu zarete? Uste baino lan handiagoa izan al da?Lan handia izan da, baina jende asko inplikatu da honetan eta haiei esker lana lantaldetan banatu ahal izan dugu eta dena oso ondo joan da. Horren ondoren (mintza eguna eta gero) atsedena tokatzen al da edo, jada, ba al duzue beste ezer eskuartean?

Bai, aurten merezita! Udako berba lagunak ere ibiliko dira gurean.

Argazkiak Egizuko hiruak:

Egizuko langileak

Mintza eguneko bideoa

2008ko Ekainaren 23an

Koska Irratiko lagunek Mintza egunean grabatutako bideoaren lotura bidali digute, horra hor euskaltube-n aurkitu daitekeen bideoa.

Mintza eguneko argazkiak

2008ko Ekainaren 16an

Getxon egindako Mintza Egunean ateratako argazkiak sarean daude jadanik. Ikusi eta gozatu.


Powered by GoodWidgets.com

Argazki gehiago ikusteko flickr-en mintza eguna 08 etiketarekin daudenak ikus ditzakezue

Sekulako giroa 2008ko Mintza egunean

2008ko Ekainaren 16an
  • Eguraldia lagun, 230 lagunetik gora hurbildu dira Getxora III. Mintza Eguna ospatzera
  • Omenaldia eskaini zaie mintzapraktika egitasmoetan dabiltzan hainbat laguni
  • Bazkalostean, mingainak ez direnak ere dantzan jarri dituzte Patxi Perezek eta bere taldeak

Mintzalagunak, Algortako kaleetan gora

    GETXO, 2008/06/14.- Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustua, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo, Indautxu, Mahatserria, Urduña… Euskal Herriko txoko guztietako mintzalagunak hurbildu dira gaurkoan Getxora, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera.
    Jaia antolatzen jo eta ke aritu diren EGIZU elkarteko kideak eguna zapuztu ahal zuten bi faktoreren beldur izan dira aste osoan: garraio greba eta eguraldia (azken urteotako uholderik handienak bizi izan ditu Getxok azken bi asteburuotan). Zorionez, eguraldi itzela izan da egun osoan, eta garraioarekin ere ez da arazo handirik egon.
    Ezusteak, hala ere, bestelakoak izan dira: EGIZUko lagunek Euskal Herri osotik hurbildu diren 230 lagunei ongi-etorria emateko Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean –goiz osoa eman dute berbalagunek tortillak eta bestelako pintxoak ere eurek prestatzen-, herria eta haren historia ezagutzeko bisita gidatua hasi behar zen, Xabi Paiaren eskutik. Paia, hala ere, gaixorik dabil egunotan, eta haren ordez Algortako berbalaguna den Josu Larrañagak gidatu du ibilbidea, ederto gidatu ere.
    Ibilaldia hasi aurretik, txalapartariek egin dute jendea hurbiltzeko deia, eta Algortako Bertso Eskolako Inaxio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek egin diete hitzezko ongi etorria bertaratutako lagunei, ondoren ibilalditxoa hasteko. Lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso gertu izan da, Etxetxu delakoaren parean. Larrañagak azaldu duenez, portu zaharraren gaine-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri ditu gogora, gainera: antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, portu zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa, Un poco de chocolate filmaren gorabeherak…
    Jarraian, eta eguzki galdatan denbora guztian, Usategi parkera hurbildu dira berbalagunak: berez gotorlekua izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloretako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko…
    Gero Getxo Antzokiko plazan bildu dira denak, eta bertan oso kalejira berezia hasi da: hasi trikitixaren soinuekin hasi da, baina, halako batean, trikia batukada talde bateko soinuekin nahasten hasi da, eta horrelaxe joan da taldea Algortan gora eta behera, euskal musika (eta dantzak!) batukadaren erritmoekin nahasten. Kalejira benetan ikusgarria izan da, eta kalean zebiltzan guztien jakin-mina piztu du. Musikak, eguraldiak eta azterketak bukatu berri dituztenen jairako gogoak giroa pizten joan dira konturatu gabe.
    Konturatu orduko, ordu bi eta erdiak iritsi dira, bazkaltzeko ordua. Algortatik Erromora metroz joan ostean, Getxoko Udalak Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian bildu dira mintzalagunak, bapo bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa, patata frijituak… postrearen orduan, Getxoko Berbalagun arduradunak, Ander Egiluzek, arreta apur bat eskatu du.
    Lehenengo eta behin, eskerrak eman dizkie Anderrek Mintza Eguna antolatzen ibilitako guztiei: EGIZUko lagunei, Topaguneari, bereziki Oskar Zapata Mintzapraktika arduradunari, Udalari eta, nola ez, bertaratu diren guztiei. Banan-banan aipatu ditu Anderrek Getxora hurbildutako talde guztiak, Austriatik eta Argentinatik etorritako lagun bakan batzuk ere barne, txalo zaparrada itzelak eraginez.
    Omenduak Jarraian, iaz Donostian hasitako ohiturari jarraiki, omenaldi txiki bat egin zaie mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni.
    Sari banaketa amaitutakoan, Patxi Perezen musikariak eskenatokira igo eta suabe-suabe hasi dira jotzen, jendea animatzen hasteko. Dena den, sari-banaketak eta, noski, bazkalosteko kopatxoek ere nahiko animatuta zeukaten ordurako, eta Perezen saio ‘interaktiboak’ berehala jarri ditu martxan berbalagun guztiak.
    Jai-giroa, beraz, iluntzera arte luzatu da Getxon, eta Egizuko lagunak pozik egon daitezke egindako lanaren emaitzarekin. Horren proba argia, mintzalagunak “hurrengoa noiz, hurrengoa noiz?” galdezka amaitu izana. Datorren urtean izan beharko du, ba!

2008KO MINTZA EGUNA AURKEZTU DA GETXON

2008ko Ekainaren 12an

Ekainak 14an ez duzula planik!!!

Hona hemen Topagunetik luzatzen dizugun gonbidapena:
Ekainak 11, aurkeztu da 2008ko Mintza eguna Getxoko Villamonte Kultur Etxean. Prentsa aurrekoan parte hartu zuten Getxoko Kultur zinegotzia Koldo Iturbe, Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendaria Jose Antonio Rodriguez, Egizu elkarteko ordezkaria Rozio Luces eta Topaguneko Mintzapraktika Saileko arduraduna Oskar Zapata.

Rozio Luces Mintza eguneko egitaraua aurkezteko arduradunaduna izan zen:

EGITARAUA:

11:00 etan: Ongi etorria Algortako Portu Zaharreko orubean: bertsolariak, dantzariak, txalapartariak, suziriak eta Getxoko Egizu egitasmoko partaideek prestatutako HAMAIKETAKOA.

11:30ean: Xabi Payak gidatuko duen ibilbidean Getxoko hainbat txoko eta pasadizo ezagutzeko aukera izango da.

13:30ean: Kalejira Telletxe plazaraion

14:30ean: Erromoko Santa Eugenia plazan bazkaria

16:00etan: Sari banaketa

16:30ean: Patxi Perez eta Konpania taldearen eskutik: ERROMERIA

Hortaz, egun ederra pasatu eta txoko guztietako mintza/berbalagunekin solasteko aukera probestu nahi izanez gero, baduzu nora jo: EKAINAREN 14an MINTZA EGUNA EKIMENAREN III. EDIZIOA GETXON

MINTZA EGUNA BADATOR!!!!

2008ko Maiatzaren 20an


kartela.JPG

Hirugarrenez ospatuko dugu aurten mintzalagun, berbalari, solaskide… guztien eguna. Getxon izango da jaia eta betiko moduan egitarau xume bezain gozoa prestatu dugu: hamaiketako, ibilbidetxo, bazkaria, sari banaketa eta erromeria

Bazkari txartelak eskuratzeko zuen herrietako egitasmoen arduradunarengana jo behar duzue. Ez utzi azken ordurako, plaza mugatuak dira eta!

Skype bidezko mintzapraktika dela eta!

2008ko Martxoaren 27an

Askok jakingo duzuenez, mintzapraktika taldeak ere modernizatuaz doaz, eta horrela, teknologia berrian munduan sartuta, Skyp bidez elkartzen denik ere bada! Garaiak aldatuaz doaz, eta pertsonok dugun bizi estiloa ere. Horrela, askok ez du, aurrez aurre, lekuan lekuko jendearekin elkartu, eta tertulian aritzeko paradarik.

Ez al zaizu harrigarria iruditzen, askorentzat ezinbesteko lan tresna bilakatu zena, orain komunikabide ere bilakatu izana? Lehenagoko zenbaitek esango lukeen moduan, “Hau marka, hau!”

e-mintzalaguna izan nahi duzu?

2008ko Otsailaren 6an

Horrela bada, www.mintzapraktika.org zure aukera da. Sartu, Skype atalean klikatu, izena eman eta listo. Geu jarriko gara zurekin harremanetan eta azalduko dizugu egin beharrekoa. Oso erraza da, ez da deus ordaindu behar eta laguntza handia eskainiko duzu.

Izan ere, e-mintzapraktika egiteko aukera martxan jarri genuenetik hainbat izan dira izena eman duten lagunak eta mintzapraktika taldeak martxan jartzeko ohiko euskal hiztun prestu gehiago behar ditugu.

Antzeko zaletasun eta interesak dituen jendearekin topatzeko beste aukera bat sortu da orain. Lagun berriak egin, solasaldi lasaiak izan, munduan zehar dauden euskaldunak edo euskara ikasleak ezagutu eta beraiekin harremana hartzeko. Mintzapraktikak espazioaren mugak gainditu ditu, animatu eta izan e-mintzalaguna!

Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu dira Galizian

2008ko Otsailaren 5an

Euskal Herriko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu dira Santiago eta A Coruñan Conversas con egitasmoaren barruan antolatutako mahai inguruetan.
Galizako Xuntako Dirección Xeral de Xuventude e Solidariedadek eta A Mesa pola Normalización Lingüísticak antolatutako jardunaldiotan Galiza eta Euskal Herriko ordezkariez gain, Plataforma per la Llengua (Catalunya) eta Escola Valencianako (País Valenciá) ordezkariek ere parte hartu dute mintzapraktika egitasmoen inguruko esperientziak elkartrukatzeko.

Voluntariado de Activación Lingüística (VAL) izenarekin ezagutzen dute Galizan 2006 urteko udazkenean martxan jarritako esperientzia. Egitasmoaren antolatzailea A Mesa pola Normalización Lingüística erakundea da, Galegoaren defentsan lan egiten duen erakundea. Gaur egun zenbait unibertsitatetan martxan duten programa da VAL eta hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzeko bikoteak antolatzen dituzte ohiko hiztunen eta ikasleen artean.

Antzerako esperientziak azaldu dituzte Plataforma per la Llengua eta Escola Valencianako kideek ere. Katalunian ibilbide luzea duen Voluntariat per la Llengua programa unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo ere garatzen da. Egun 6.000 “bikote linguistikotik” gora ari dira Katalunian.

Berriagoa da Valentzian Escola Valenciana – Federació d’associacions per la Llengua erakundeak martxan jarri duen Voluntariat pel Valenciá egitasmoa. Valentziako hainbat udalekin batera antolatutako programa da eta antzekotasun handia du Katalunia eta Galiziako esperientziekin.

Informazio gehiago