.jpg)
Hasi gara hainbat herri eta eskualdetako mintzalagun, berbalagun, solaskide eta mintzakideak bazterrak euskararekin apaintzen. Zeren zain zaude? Zabaldu! Hurbildu zaitez zu ere mintzapraktikara!
Lagunartea zabaldu nahi duzu?
Hurbildu mintzapraktikara eta euskaraz aritzeko lagunartea aurkituko duzu zure herrian bertan. Hiru edo lau laguneko taldeak antolatu eta astero-astero biltzen dira berbalagun eta mintzalagunak euskaraz mintzatuz lagunartea zabaltzeko, euskara erabiltzeko. Zu zeu animatzen bazara, gure kontu lagunarte egokia antolatzea eta ondoren taldekideok erabakiko duzue non, noiz eta zer egiteko bilduko zareten.
Zabaldu ahoa, zabaldu ezazu zure euskara!
Euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzu? Ez duzu inguruan euskaraz mintzatzeko aukerarik? Zure euskara hobetu behar duzula uste duzu? Ez zaitez isildu! Zure euskara da guri gustatzen zaiguna. Utzi alde batera beldur eta lotsak, konpartitu zure euskara ingurukoekin, horrela bakarrik gozatu ahal izango baituzu hizkuntzarekin.
Zabaldu bizipenak eta zure ideiak!
Lagun giroan sortzen diren elkarrizketetan bizipenak eta ideiak zabaltzeko aukera paregabea izango duzu, euskaraz zabaltzekoa. Hizkuntzak bizi duguna, pentsatzen duguna eta amesten duguna ingurukoei kontatu eta lagunen bizipen eta iritziak ulertzeko balio digu. Mintzapraktika taldeek bizi esperientzia eta ideiak zabaltzeko aukera paregabea dira, ez ezazu aukera galdu!
Zer egin zure zaletasunak zabaltzeko?
Mendia gustuko duzu? Paseoak eman edo kirola egitea? Edo museoak bisitatu eta asteburuko txangoak nahiago dituzu? Tabernaz tabernako edo afari eta bazkarietako koadrila giroa nahiago duzu agian? Antzerkia ikusi edo musika sortzea nahiago duzu beharbada. Zure zaletasunak edozein direla ere, hurbildu mintzapraktika egitasmora, antzeko zaletasunak dituzten lagunekin konpartitzeko parada izango duzu eta.
Zabaldu gaitezen euskaraz bizitzera!
Hauxe da gure aukera. Zu ere animatzen bazara, lagunartea, euskara, ahoa, bizipenak, ideiak eta zaletasunak zabaltzen ari den sare handi bateko partaide bihurtuko zara, zure herrian euskaraz bizi den komunitateko partaide. Zure herrian bertan, euskaraz hitz egiteko sareak daude eta mintzapraktikaren bidez hurbil zaitezke horietara.

Hurbildu!
Gainera, Internet bidez mintzapraktika egiteko aukera ere baduzu!
Mintzapraktika egitasmoen inguruko informazio gehiago ere bertan aurkitu ahal izango duzu.
2.600 kide baino gehiago dituen lagunartea osatzen dugu solaskide, mintzakide, berbalagun eta mintzalagunok, zabaltzen jarraitu dezakegun lagunartea.
Mintzapraktika, zure euskara zabaltzen duen esperientzia!
Mintzapraktika, zurekin zabaltzen den komunitatea!
