Nola funtzionatzen dugu?

Mintzapraktika programak aisialdiko jarduera dira. Bakoitzaren eguneroko eginbeharretatik at gelditzen zaigun denbora tartean egunerokotasunetik ihes egiteko aukera bat. Lagun artean igarotzeko tartea.
Mintzapraktika taldetxoak kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak, eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Horregatik mintzapraktikako lagunei oso erosoa egiten zaigu programan parte hartzea. Ongi datorkigun ordu eta tokian, gustukoak ditugun gauzak egiteko biltzen gara. Lagun giroan paseatu, kirola egin, mendira irten, kafetxo bat edo tragotxo bat hartu edo besterik gabe elkartu eta elkarren konpainia eta solasaldiaz disfrutatu!
Mintzapraktika taldetxo bakoitza hiru, lau edo bost lagunek osatzen dugu. Modu honetan ziurtatzen da, giroa atsegina, hurbila eta partehartzailea.
Mintzapraktika taldetxo bakoitza gutxienez astean behin biltzen da. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten dugu: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak...
Ekintza osagarriak asteko ordubetea edo ordu eta erdiko hitzordua luzatzeko hautazko aukera dira. Duda barik programa aberasten dute!
Mintzapraktika egitasmoak ikasturteko iraupena izaten dute salbuespenak salbuespen; Hau da, herri bakoitzeko berezitasunak alde batera lagata, orokorrean izen ematea urrian zabaltzen da. Eta berehala mintzapraktika taldetxoak martxan jartzen dira. Programak ekainean eten egiten dira, hurrengo ikasturtea arte.
Baina elkarren artean agurtzeko ekainean gustukoen dugun jaia antolatzen da: Mintza Eguna
Mintza eguna Mintzapraktika programetan ari garen eta gure inguruan ibiltzen diren herri guztietako lagunei zuzenduriko ekimena da. Jaiak ikasturtearen bukaerarekin bat egiten du.